Uztailaren 9ko 8/96 FORU ARAUA, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondarearena.

Gorde / Erakutsi iruzkinak    Imprimatu

Uztailaren 9ko 8/96 FORU ARAUA, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondarearena.

BOG 12 Uztaila 1996

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek «Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondarearen Foru Araua» onartu dutela, eta nik aldakarrikatu eta argatara dadin agintzen dut, aplikagarri zaien herritar guztiek, partikular nahiz agintariek, bete eta betearaz dezaten.

HITZAURREA

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak eta Autonomi Elkarteko Erakunde Amankomunen eta Lurralde Historikoetako Organoen arteko harremanei buruzko 27/1983 Legeak ezarrita uzten dute, 37. artikuluan lehenak eta 7.ean bigarrenak, udal eta probintzi mailako ondasunen erregimena Lurralde Historikoen eskumen esklusiboa dela.

Lurralde Historikoaren Ondarearen erregimena erregulatuko duen araudi bat bereziki ezartzean, Ekonomi Itunaren errestaurazioarekin Foru Administrazioari sortu izan zaizkion beharrei ematen zaie erantzuna.

Izan ere, Lurralde Historikoak gero eta baliabide gehiago kudeatzeak, zerbitzu publiko berriak garatzeak eta Foru Aldundiak bideratzen dituen ekintzak era askotakoak izateak nabarmenki ugaldu ditu Lurralde Historikoarenak diren ondasun eta eskubideak, Ondarearen kudeaketan planteatzen diren arazo berriak gehituz doazelarik. Horrek guztiak marko arauemaile egokia eskatzen du, eta are gehiago Foru Administrazioak antolamendu pribatiboa edukitzeagatik, Foru Aldundia zergen kudeaketa itunduaren ondorioz hainbat eskubideren titularra izateagatik, eta Foru Sektore Publikoa gero eta konplexuagoa gertatzeagatik, lokal mailako araudiak behar den erantzunik ematen ez duenean.

Foru Arau hau prestatzerakoan planteatu diren helburuak honako hauek dira:

  • - Dagoen araudia Lurralde Historikoaren antolamendu pribatibora egokitzea.
  • - Foru Sektore Publikoa osatzen duten entitate desberdinei adskribaturik dauden ondasun eta eskubideen erregimena arautzea.
  • - Hainbat irizpide ezartzea ondarearen kudeaketan ohizkoak diren gaien inguruan, arau osagarrietan behar bezala jasotzen ez direnez gero.

Laburki esanda, Foru Arau honek, Zergei buruzko 1/1985 Foru Arau Orokorrarekin eta Aurrekontu eta Finantza Erregimenari buruzko 17/1990 Foru Arauarekin batera, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Foru Ogasuna erregulatzen duen arau multzoa osatu nahi du.

Helburu horiek dituela, Foru Araua lau titulutan antolatzen da, berauen funtsezko ezaugarriak hauetxek direlarik:

I. TITULUA XEDAPEN OROKORRAK

I. kapituluan -Kontzeptu, Erregimen eta Antolaketa izenekoan- zehaztuta uzten da zer den Ondarea Foru Arauaren ondorioetarako, bere erregimen juridikoa ezartzen da eta bere edukina definitzen, bartan Foru Aldundiaren ondasun eta eskubideak eta foru erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko foru ente publikoek dituztenak sartzen direlarik.

Kapitulu honetan ere Lurralde Historikoaren Ondarea osatzen duten ondasunen sailkapena egiten da, jabari publikoko ondasunak eta jabari pribatukoak bereiztuz, gure inguruko Administrazio Publikoan ohizkoak diren definizioen arabera.

Lurralde Historikoaren Ondarearen titulartasunari dagokionez, titularra Foru Aldundia dela ezartzen da, foru erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko foru ente publikoek dauzkaten eskumen eta ahalmenak finkatzen dira, eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek ondarearen kudeaketan duen autonomia adierazten.

Administrazioari dagokionez, Foru Aldundia da, Diputatuen Kontseiluaren bitartez edo Ogasun eta Finantza Departamentuaren bidez, kasuen arabera, jabari-ahalmenak jasotzen dituena, Foru Aldundiko departamentuek, foru erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko foru ente publikoek erabiltzen dituzten ondasun eta eskubideen administrazioa beren gain geratzen delarik.

II. kapituluak -Prerrogatibak eta Ondarearen Defentsa eta Babesa izenekoak- berreskuratzeko, ikertzeko, mugak zehazteko eta mugarritzeko ahalmen tradizionalak biltzen ditu, bai eta Lurralde Historikoaren jabari pribatuko ondasun eta eskubideen bahitezintasuna ere. Kapitulu honetan, halaber, ondasun higiezinak, ibilgailuak eta higigarriak dagozkien polizen bidez eta beren balio ekonomikoaren arabera aseguratzeko ahalmena ezartzen da.

III. kapituluak, Ondasun eta Eskubideak Xedatu eta Adskribatzea izenekoak, Diputatuen Kontseiluaren eskutan jartzen du ondasunak erabilera edo zerbitzu publikora xedatzeko eta horien xedea kentzeko ahalmena, ondasun eta eskubideak departamentu, erakunde autonomo eta foru ente publikoei adskribatu eta adskribapena kentzeko prozedura ere arautzen duelarik.

IV. kapituluak, Inbentarioa eta Kontabilitate Erregimena izenekoak, Inbentarioa definitzen du zera esanez, Lurralde Historikoaren Ondarea egoki kudeatzeko tresna bat dela, eta bereziki hura osatzen duten ondasun eta eskubideei babes juridiko eta ekonomikoa emateko tresna, bertan sartu beharreko informazioa zenbaterainoa eta zein edukitakoa izango den ere ezartzen duelarik.

Ondarearen egoera eta aldaketen kontabilitate erregimenari dagokionez, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Herri-Kontabilitate Planak ezarritakoari jarraituko zaio.

II. TITULUA JABARI PRIBATUKO ONDASUNEN ERREGIMENA

I. kapituluan, Ondasun eta Eskubideak Eskuratzea delakoan, ondasun eta eskubideak eskuratzeko dauden era desberdinak ezartzen dira, supostu bakoitzean jarraitu beharreko prozedura arautzen delarik.

II. kapituluak, Inorenganatzea delakoak, Diputatuen Kontseiluari ematen diio ondasun higiezinak inorenganatzeko eskumena, eta prozedura bezala enkante irekiarena ezartzen du. Lehen enkantea hutsik gertatzen bada bigarren bat egiteko posibilitatea jasotzen da, eta hainbat supostu ere ezartzen dira era zuzenean inorenganatzeko, honako hauek esaterako: enkantea hutsik gertatzea, edo, beste supostu batzuen artean, enkantearen hartzailea honako hauetakoren bat izatea, hots, irabaz asmorik gabeko entitate asistentzial bat, beste administrazio publiko bat, edota sektore publikokoa den zuzenbide publiko nahiz pribatuko beste edozein pertsona juridiko.

Kapitulu honek beste posibilitate bat jasotzen du ondasunak zuzenean inorenganatzeko, hain zuzen, haren bitartez Lurralde Historikoaren iharduera ekonomikoa eta enplegua sortu eta sendotzea ahalbideratzen duena. Supostu horietan esleipenaren prezioa ondasunaren balorazioa baino txikiagoa izatea onartzen da, eta salerosketaren prezioa % 75a baino txikiagoa denean akordioak Batzar Nagusiei adierazi beharko zaizkio. Supostu horietan, prezioa gehienez ere hamar urtetan ordaindu ahal izango dela aurrikusten da, geroratutako kopuruaren ordainketa hipoteka, abal edo behar adinako garantia bidez bermatu beharko delarik orduan.

Ondasunak zein baldintza eta supostutan inorenganatu daitezkeen dohainik ere arautzen da, Batzar Nagusiek baimenduta beti ere.

III. kapituluak, Preskripzioa izenekoak, legeria zibilean ezarritakoaren menpe uzten du supostu hau.

IV. kapituluan, Erabilera eta Aprobetxamendua delakoan, jabari pribatuko ondasunen ustiapena arautzen da. Ente instituzional batek egin ahal izango du zuzenean ustiapena, edo partikularrek burutu lehiaketa irekian haien esleipena jaso eta gero. Kapitulu honetan onura publikoko helburuak dituzten erabilera-lagapenak ere arautzen dira, gehienez hamar urteko epea ezarriz horietarako, eta Batzar Nagusiei haien berri eman beharra aginduz.

III. TITULUA JABARI PUBLIKOKO ONDASUNEN ERREGIMENA

III. tituluan jabari publikoko ondasunen erabilera arautzen da, amankomuna -orokor edo berezia- nahiz pribatiboa izan daitekeena.

Erabilera pribatiboari arreta berezia eskaintzen zaio; aurretik, izan ere, administrazio-emakida bat behar da, eta hau Diputatuen Kontseiluak emango du zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratazio administratiboari buruzko legeriak dioenari jarraituz.

Gertatzen bada administrazio-emakidaren helburua zerbitzu publiko bat eskaintzea dela eta Lurralde Historikokoa den jabari publikoko ondasunak, kasuan kasu, erabilera amankomun berezia edo erabilera pribatiboa eduki beharra duela, erabilera horretarako baimena, gehienez hirurogeita hamabost urtekoa, zerbitzuaren emakidarekin batera datorrela ulertuko da.

Titulu honetan halaber, onura publikoko arrazoiak direla-ta, ondasun demanialen erabilera gehienez berrogeita hamar urtez dohainik lagatzeko posibilitatea arautzen da, Batzar Nagusiei haien berri eman beharko zaielarik.

IV. TITULUA ERANTZUKIZUN ETA ZEHAPEN ERREGIMENA

IV. tituluan, Lurralde Historikoaren Ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak zaindu, kontserbatu eta ustiatzera behartuta dauden pertsona natural edo juridikoei, bertan eragindako kalteengatik, exigitu behar zaizkien erantzukizun eta zehapenen erregimena arautzen da.

I TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

I KAPITULUA
KONTZEPTUA, ERREGIMENA ETA ANTOLAMENDUA

1. artikulua. Kontzeptua.

Foru Arau honetan Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondarea osatzen duten jabari publikoko ondasunen -ondasun demanialen- eta jabari pribatuko ondasunen -ondasun patrimonialen- erregimen juridikoa arautzen da.

Foru sektore publikoa eratzen duten entitateen ondasun eta eskubideak hartuko dira Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondaretzat, Foru Arau honetan ezarritakoaren arabera.

2. artikulua. Erregimen Juridikoa.

1. Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondarea Foru Arau honen bitartez, berau exekutatu eta garatzeko emango diren erregelamenduen bidez eta, subsidiarioki, zuzenbide publiko nahiz pribatuko arau aplikagarriak direla medio arautuko da.

2. Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondarean sartuta dauden eta administrazio-lege berezietara jarriak diren ondasun eta eskubideak beren arauen arabera erregulatuko dira.

I. tituluan jasotzen diren xedapen orokorrak aplikagarriak izango zaizkie nolanahi ere.

3. artikulua. Edukina.

1. Edozein eskurapen titulurengatik gaur dauzkan edo etorkizunean izango dituen ondasun eta eskubideek osatzen dute Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondarea.

2. Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondaretzat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondasun eta eskubideak ez ezik, foru erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko foru ente publikoek dauzkatenak ere hartuko dira, nahiz-ta hauek, iharduera-erregimena edozein dutela ere, beren baliabideekin erosiak izan trafiko juridikora bueltatzeko edo legez egin behar dituzten erreserbak bermatzeko.

3. Foru sozietate publikoen ondasun eta eskubideak ez dira Foru Arau honen xedapenen menpe izango, beren sorrerari buruzko Foru Dekretuak ezarritakoan izan ezik.

4. artikulua. Sailkapena.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondarea osatzen duten ondasunak bi eratakoak izan daitezke: jabari publikoko ondasunak edo ondasun demanialak, eta jabari pribatuko ondasunak edo ondasun patrimonialak.

5. artikulua. Jabari Publikoko Ondasunak.

1. Erabilera edo zerbitzu publikora zuzentzen diren ondasun higigarri nahiz higiezinak, eta legezko xedapen batean izaera hori espreski jasotzen dutenak dira Gipuzkoako Lurralde Historikoaren jabari publikoko ondasunak.

2. Gertatzen bada Gipuzkoako Lurralde Historikoaren higiezinetan bertako entitateek egoitza hartzen dutela, hala higiezin horiek nola beren instalazioak zerbitzu publikorako erabiltzen direla joko da beti.

3. Jabari publikoko ondasunak alienaezinak, bahitezinak eta iraungiezinak dira.

6. artikulua. Jabari Pribatuko Ondasunak.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren jabari pribatuko ondasunak hauek dira:

  • a) Bere jabetzakoak, baldin eta erabilera edo zerbitzu publikorako ondasunak ez badira.
  • b) Errentamendu eskubideak, eta besteren gauzen gainean eduki daitezkeenak.
  • c) Jabetza gorpuzgabearen eskubideak.
  • d) Sozietate publiko nahiz pribatuen akzio, partaidetza eta obligazioak, hauen titularrak Gipuzkoako Foru Aldundia, foru erakunde autonomoak edo zuzenbide pribatuko foru ente publikoak direnean.
  • e) Jabari pribatuko ondasunen titulartasunetik eratortzen diren eskubideak.
  • f) Beste edozein ondasun eta eskubide, hauen titularra Gipuzkoako Lurralde Historikoa denean eta jabari publiko bezala kalifikatuta ez daudenean.

7. artikulua. Titulartasuna.

1. Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen titulartasuna Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, foru erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko foru ente publikoek edozein motatako sozietatetan izan ditzaketen partaidetzak kanpo geratzen direlarik.

2. Gipuzkoako Lurralde Historikoko departamentuek, foru erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko foru ente publikoek Foru Arau honetan aitortzen zaizkien eskumen eta ahalmenak izango dituzte haiei adskribatuta dauden edo bereak diren Ondareko ondasun eta eskubiden gainean.

3. Foru erakunde autonomoei eta zuzenbide pribatuko foru ente publikoei adskribaturik dauden ondasun eta eskubideek, beren hasierako kalifikazio juridikoarekin jarraituko dute Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondarearen barruan, non eta organo eskudunak kalifikazio hori aldatzea espreski ebazten ez duen.

4. Adskribatuta dauzkaten ondasun eta eskubideetan, Batzar Nagusiek ondarearen alorrean erabakitzeko autonomia patrimoniala dute, eta Foru Aldundiari emandako eskumen eta ahalmen berberak dituzte, haiei adskribatuak nahiz haientzat erosiak izan.

Nolanahi ere, ondasun eta eskubideen titulartasuna Foru Aldundiarena izango da beti.

8. artikulua. Administrazioa.

1. Gipuzkoako Foru Aldundia da, Diputatuen Kontseiluaren bidez edo Ogasun eta Finantza Departamentuaren bitartez -Foru Arau honetan ezarritako eskumen-erregimenaren arabera- Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ondasun eta eskubideetan jabari- ahalmenak erabili ahal izango dituena, baina beti ere Foru Arau honetan aurrikusitakoari jarraituz beste entitateei adskribatu edo lagatzen zaizkien jabari publiko edo pribatuko ondasunekiko, entitate horiek izan ditzaketen eginkizun eta erantzukizunen kaltetan gabe.

2. Foru Aldundiko departamentuek, foru erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko foru ente publikoek hartuko dute beren gain beraiek erabiltzen dituzten ondasun eta eskubideen administrazioa, Foru Arau honetan aurrikusitakoaren arabera.

3. Foru Arau honetan aipatzen diren gaietan Diputatuen Kontseiluak hartzen dituen erabakiak eta Ogasun eta Finantza Departamentuko organo eskudunek emandako ebazpenak betearaztea, Finantza eta Aurrekontuetako Zuzendaritza Nagusiari dagokio, kontrakoa ezartzen ez den bitartean.

4. Sozietateen partaide izateagatik Foru Aldundiari dagozkion eskubideez baliatzea Ogasun eta Finantza Departamentuari dagokio, non eta Diputatuen Kontseiluak eskubide hoiez baliatzeko ahalmena beste Departamentu bati ematea erabakiten ez duen.

5. Foru erakunde autonomoak eta zuzenbide pribatuko foru ente publikoak badira, aurreko ataletan aipatu diren eskubide eta ahalmenak beren arau erregulatzaileek ezartzen duten organoak erabiliko ditu eta, horren ezean, beren legezko ordezkaritza duenak.

9. artikulua. Ordezkaritza.

1. Ondare gaietan, Ogasun eta Finantza Departamentuak izango du beti Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritza estrajudiziala.

Eskritura publikoak ematean, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatu titularrak hartuko du Foru Aldundiaren ordezkaritza. Diputatuen Kontseiluak, hala ere, beste departamentuetako foru diputatu titularren esku utzi ahal izango du ahalmen hori.

2. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondareko eskubide eta ondasunak erabiltzen dituzten foru sektore publikoko entitate guztietan Ogasun eta Finantza Departamentuak ordezkari bat izango du.

Noiztik aurrera: 2002/01/01 9.3 artikulua, 2002ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2002. Urterako Aurrekontu Orokorrak onartzeari buruzko martxoaren 26ko 3/2002 Foru Arauak [GIPUZKOA] barneratutakoa («G.A.O.» apirilak 8). Ondorioak / Aplikagarritasuna: 2002/01/01

10. artikulua. Tasazio perizialak.

Foru Arau hau eta finantza arloko beste arauak aplikatu eta exekutatzearren egin beharreko balorazio, tasazio, auditoretza, lan tekniko eta gainerako lan perizialak Ogasun eta Finantza Departamentuko funtzionarioek burutuko dituzte, ondasunen araberako titulazioa edukita beti ere. Departamentu horrek, hala ere, beste teknikari batzuk, Gipuzkoako Foru Aldundiko beste departamentuetako funtzionarioen artean aukeratuak, gaitu ahal izango ditu edo balorazio-zerbitzuak kanpoan kontratatu.

II KAPITULUA
PRERROGATIBAK ETA ONDAREAREN DEFENTSA ETA BABESA

11. artikulua. Berreskurapena.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiak berez eta edozein momentutan berreskuratu ahal izango du jabari publikoko ondasun eta eskubideen gainean bidegabeki galdutako jabetza, ondasun eta eskubide horiek Gipuzkoako Lurralde Historikoarenak direnean.

2. Jabari pribatuko ondasunak direnean, berreskuratzeko epea urtebetekoa izango da jabetza bidegabeki galdu dela jakin eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, denbora hori amaiturik auzitegietara jo ahal izango delarik.

3. Gai honetan administrazioak egindakoak legezkoa den prozedurari jarraituz egin badira, horien aurkako interdiktuak ez dira onartuko.

4. Artikulu honetan aipagai diren gertakizunek delitu itxura hartuz gero, Foru Aldundiak derrigorrez eman beharko die haien berri agintari judizialei.

Noiztik aurrera: 2002/01/01 11.5 artikulua, 2002ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2002. Urterako Aurrekontu Orokorrak onartzeari buruzko martxoaren 26ko 3/2002 Foru Arauak [GIPUZKOA] barneratutakoa («G.A.O.» apirilak 8). Ondorioak / Aplikagarritasuna: 2002/01/01
Noiztik aurrera: 2007/04/11 11 bis artikulua, Martxoaren 27ko 2/2007 Foru Arauak [GIPUZKOA] barneratua, zeinaren bidez aldatzen baita 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ondarearena («G.A.O.» apirilak 10).

12. artikulua. Ikerketa eta ikuskapena.

1. Jabetza norena den zehazteko, eta horren konstataziorik ez badu, Gipuzkoako Foru Aldundiak ustez Gipuzkoako Lurralde Historikoarenak omen diren ondasun eta eskubideen egoera ikertu eta ikuskatu ahal izango du. Ikerketa guztietan Ogasun eta Finantza Departamentuak izango du goreneko agintea eta egoki irizten dituen datu, berri eta txostenak eskatu ahal izango ditu, zuzenean, zerbitzua hobetzearren.

Noiztik aurrera: 2007/04/11 12.2 artikulua, Martxoaren 27ko 2/2007 Foru Arauak [GIPUZKOA] egungo erredakzioan barneratutakoa, zeinaren bidez aldatzen baita 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ondarearena («G.A.O.» apirilak 10).

2. Ogasun eta Finantza Departamentuak hala eskatzen duenean, pertsona fisiko edo juridiko guztiek, publiko nahiz pribatuek, derrigorrez eskaini beharko dute beren laguntza artikulu honetan aipatzen diren ikerketa eta ikuskapena egiteko, eta departamentuak egoki irizten dituen datu, berri eta txostenak eskatu ahal izango ditu zuzenean.

Noiztik aurrera: 2007/04/11 12.3 artikulua, bere edukin literala jatorrizko 2. zenbakiari dagokiona, Martxoaren 27ko 2/2007 Foru Arauak [GIPUZKOA] idatzia eta birzenbakitutakoa, zeinaren bidez aldatzen baita 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ondarearena («G.A.O.» apirilak 10).

3. Gipuzkoako Lurralde Historikoarenak diren finken ondoan bestelako finkak inmatrikulatzeagatik edo soberako kabida gertatzeagatik, udaletxeek Jabetza- Erregistrotik bidalitako ediktuak jasotzen dituztenean, udaletxeek horien berri eman beharko diote Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuari.

Oro bat, beren udalerriaren barruan Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondareari kalte eragin edo balio kentzen dion zeinahi egoera edo jokabide gertatuz gero, aipatu departamentuari adierazi beharko diote.

Noiztik aurrera: 2007/04/11 12.4 artikulua, bere edukin literala jatorrizko 3. zenbakiari dagokiona, Martxoaren 27ko 2/2007 Foru Arauak [GIPUZKOA] idatzia eta birzenbakitutakoa, zeinaren bidez aldatzen baita 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ondarearena («G.A.O.» apirilak 10).

4. Egindako ikerketaren ondorioz sortzen diren izaera zibileko auziak epaitegi arrunten esku geratuko dira, eta ikerketa-espedientearen ebazpenagatik kaltetuta gertatzen direnek prozedura hausteagatik baino ezingo dute ebazpen hori inpugnatu, horretarako administrazioarekiko auzibidetik jo beharko dutelarik.

Noiztik aurrera: 2007/04/11 12.5 artikulua, bere edukin literala jatorrizko 4. zenbakiari dagokiona, Martxoaren 27ko 2/2007 Foru Arauak [GIPUZKOA] idatzia eta birzenbakitutakoa, zeinaren bidez aldatzen baita 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ondarearena («G.A.O.» apirilak 10).

13. artikulua. Mugak zehaztu eta mugarriak jartzea.

1. Mugak zehatzak ez direnean edo usurpazio zantzuak antzematen direnean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ahalmena du Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondarea osatzen duten ondasunen mugak zehaztu eta jartzeko. Mugen zehaztapena administrazio-prozeduraz egingo da kaltetuei audientzia emanez.

2. Mugak zehazteko prozedura administratiboa behin hasi ondoren, ezingo da asmo bereko prozedura judizialik ireki ez eta zehaztapen horretan sartzen diren finken jabetzari buruzko interdiktuak onartu, harik eta mugen zehaztapena burutu arte.

3. Mugak zehazteko espedientea egin, onartu eta exekutatzea Ogasun eta Finantza Departamentuari dagokio, beti ere Diputatuen Kontseiluari guztiaren berri emango diolarik.

4. Ogasun eta Finantza Departamentuko Foru Diputatuaren ebazpena betearaztekoa izango da, eta ezin izango da inpugnatu prozedura hausteagatik ez bada, administrazioarekiko auzibidea erabiliz; beren eskubideak kaltetuta daudela usten dutenek, halabaina, epaitegi arruntetan defendatu ahal izango dituzte eskubide horiek.

Noiztik aurrera: 2007/04/11 13.4 artikulua, Martxoaren 27ko 2/2007 Foru Arauak [GIPUZKOA] idatzia, zeinaren bidez aldatzen baita 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ondarearena («G.A.O.» apirilak 10).

5. Mugak zehaztea onartzen duen erabakia behin irmo bihurtzen denean, ondasunen mugak markatuko dira, bertara interesatuei deituz.

6. Mugarritu beharreko finka Jabetza-Erregistroan inskribiturik badago, mugarriketa administratiboa ere inskribitu beharko da, behar bezala onartuta.

Horrela ez bada, lehenik eta behin finkaren erosketa-titulua inskribituko da, edo horren ezean, indarreango legeriaren arabera luzatu beharrekoak diren ziurtagiriak, eta azkenik mugarriketa bera.

7. Jabari publikoaren mugak zehaztu behar dituen espediente batean terrenoak soberan geratzen direnean, hauek Gipuzkoako Lurralde Historikoaren jabari pribatuan sartuko dira.

14. artikulua. Ahalmenak besteren ondasunetan.

Ondasunak administrazio-emakida bati lotuta daudenean, arrisku bat dagoela nabaria denean eta emakida betetzea ziurtatu nahi denean, erabil ditzake Gipuzkoako Foru Aldundiak berreskurapen, ikerketa eta mugarritze ahalmenak bere titularitzapean ez dauden ondasunetan.

Espedientea ondasunen jabeei eta gainerako interesatuei audientzia emanez izapidatu beharko da.

15. artikulua. Bahitezintasuna.

Auzitegiek eta agintaritza administratiboek ezingo dute Gipuzkoako Lurralde Historikoaren jabari pribatuko ondasun eta eskubideen aurka edo haren Ondarearen errenta, fruitu edo produktuen aurka bahitura- probidentziarik eman edo exekuzio-agindurik erabaki. Gai honetan, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Finantza eta Aurrekontu Erregimenari buruzko abenduaren 26ko 17/1990 Foru Arauak xedatzen duenari jarraituko zaio.

16. artikulua. Kargak.

1. Gipuzkoako Lurralde Historikoaren jabari pribatuko ondasun eta eskubideetan ezingo dira kargak ezarri inorenganatuak izateko bete behar diren baldintzekin ez bada.

2. Jabari pribatuko ondasun eta eskubideak salerosteko eta haien inguruko eztabaida eta liskarrak arbitraia baten pean jartzeko, Diputatuen Kontseiluaren onespena beharko da aldez aurretik, Ogasun eta Finantza Departamentuak proposaturik.

17. artikulua. Fruituak eta Errentak.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondareak sortarazten dituen fruitu, errenta, kanon edo bestelako etekinak, eta jabari pribatuko ondasun eta eskubideak inorenganatzetik datozenak, tokian-tokiko Diruzaintzan sartu beharko dira dagokion aurrekontu-kontzeptuari aplikatuz eta arlo honetako legeria berezituan aurrikusita dagoen erari jarraituz.

18. artikulua. Inskribitzea.

1. Ogasun eta Finantza Departamentuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean inskribituko ditu dagozkion Erresgitroetan Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondareko ondasun eta eskubideak, hala behar denean.

2. Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean ondasun eta eskubideak inskribitu eta inmatrikulatzeko, gai horretan Estatuan erabiltzen diren arau erregistral, hipotekario eta administratibo berberak jarraituko dira.

19. artikulua. Ondasunak aseguratzea.

1. Ondasun higiezinak, ibilgailuak eta gainerako ondasun higigarriak beren balio ekonomikoaren arabera aseguratzea Ogasun eta Finantza Departamentuaren eginkizuna izango da, eta bidezko polizak egin ahal izango ditu eskaintzak jasotzeko lehiaketa irekia burutu ondoren.

2. Foru Arau honen 3. artikuluan aipatzen diren entitateek ere hartu beharko dituzte, beren ondasunak aseguratzearren, aurreko atalean esandako prebisio-neurriak. Nolanahi ere, entitate horiei adskribatuta dauden ondasunak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondarekoak direnean, Ogasun eta Finantza Departamentuak aurreko lerroaldian ematen zaion ahalmena erabili ahal izango du ondasunak aseguratzeko, primak dagokion Entitate Publikoak ordaindu beharko dituelarik.

III KAPITULUA
ONDASUN ETA ESKUBIDEAK XEDATU ETA ADSKRIBATZEA

20. artikulua. Xedatzea.

1. Ondasunak erabilera edo zerbitzu publikora xedatzea edo haiek xedegabetzea Diputatuen Kontseiluari dagokio, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatu titularraren proposamenez.

2. Xedatzeko erabakian honako hau adierazi beharko da gutxienez: zeintzuk diren bertan sartzen den/diren ondasuna(k), zertarako erabiliko diren, eta zein departamentuk, erakunde autonomok edo zuzenbide pribatuko foru ente publikok administratu eta kontserbatuko dituen ondasun horiek.

3. Xedapenak ondasun edo eskubidea jabari publikoan sartzea ekarriko du berarekin.

21. artikulua. Xedapen tazitoa.

Ondasun edo eskubide bat honako kasu hauetan geratuko da erabilera edo zerbitzu publikora berez xedatuta:

  • a) Ondasunak dirutruke eskuratzen direnean herritarrek erabiltzeko edo zerbitzu publikoa izateko.
  • b) Jabari pribatuko ondasunak urtebetez herritarren erabilerarako edo zerbitzu publikorako jartzen direnean.
  • c) Xedapena, behar bezala onartuak izan diren plan, programa, proiektu edo erabakien ondorio espresu edo inplizitua denean.
  • d) Ondasun edo eskubideak nahitaezko desjabetzapenez eskuratzen direnean. Soberakinak ez dira xedatutzat joko eta jabari pribatuan geratuko dira.
  • e) Herritarren erabilerara edo zerbitzu publikora jarriak izan diren ondasunen jabaria usukapioz eskuratzen direnean Zuzenbide Zibilaren arauen arabera.

22. artikulua. Adskribatzea.

1. Lurralde Historikoaren Ondarea osatzen duten ondasunak adskribatzea eta horien adskribapena kentzea Diputatuen Kontseiluari dagokio, bai eta horien erabilera beste departamentu batera, beste erakunde autonomo batera eta beste zuzenbide pribatuko foru ente publiko batera aldatzea ere.

2. Beren eskumenen barruan dauden zerbitzuak kudeatzeko, Foru Aldundiko departamentuek Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondareko eskubide eta ondasunak beraiei adskribatzeko eskatu ahal izango diote Ogasun eta Finantza Departamentuari, eta honek Diputatuen Kontseilura bidali beharko du proposamena.

3. Berezkoak dituzten helburuak aurrera eramateko, foru erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko foru ente publikoek, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondareko eskubide eta ondasunak beraiei adskribatzeko eskatu ahal izango diote Ogasun eta Finantza Departamentuari, nork bere departamentu administratiboaren bitartez.

4. Hala badagokio, adskribapena jabari publikorako xedea eman ondoren burutuko da. Gainera, foru erakunde autonomoek edo zuzenbide pribatuko foru ente publikoek ondasun edo eskubidea zertarako erabiliko den zehatz adierazi beharko dute.

5. Adskribapena jaso duen departamentu edo entitateak, Foru Arau honetan beste organo batzuei erreserbatu ez zaizkien ondasun eta eskubideak kudeatu eta administratu ahal izango ditu.

23. artikulua. Adskribapena eta xedapena kendu eta jabari pribatuan sartzea.

1. Departamentu bati adskribaturik dauden ondasun eta eskubideak erabilera orokorrerako edo zerbitzu publikorako jada beharrezkoak ez direnean, departamentu horrek adskribapena berehala kentzeko eskatu beharko dio Ogasun eta Finantza Departamentuari.

Horretarako, haiek administratu eta zaintzen dituen Departamentuak komunikazio bat helaraziko dio Ogasun eta Finantza Departamentuari dagokion ondasunaren edo ondasunen identifikazioa ezagutzeko behar diren datuak konstaraziz eta adskribapena kentzeko arrazoiak azalduz.

2. Hori bera foru erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko foru ente publikoek egin beharko dute, nork bere departamentu administratiboaren bitartez, baldin eta haiei adskribaturiko ondasun eta eskubideak adskribapenean aurrikusten zen helbururako jada erabiltzen ez badira.

3. Adskribapena kentzea beharrezkoa dela kreditatzeko, Ogasun eta Finantza Departamentuak bidezko espedientea izapidatuko du.

4. Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatu titularrak adskribapena eta, hala badagokio, xedapena kentzea proposatuko dio Diputatuen Kontseiluari, eta ondasuna edo eskubidea Gipuzkoako Lurralde Historikoaren jabari pribatuan sartuko da, hala dagokionean.

5. Erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko foru ente publikoek beren baliabideekin eskuratu dituzten ondasunak beren helburuak zuzenean betetzeko beharrezkoak ez badira, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren jabari pribatuan sartuko dira, desafektatuak izan eta gero hala badagokio.

6. Hurrengo ondasun hauek dira aurreko atalean esandakotik salbuetsi eta, beraz, foru erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko foru ente publikoek, Ogasun eta Finantza Departamentuari jakinarazita, inorenganatu ahal izango dituztenak: beraiek erosi eta beren eginkizun pribatiboen barruan trafiko juridikora bueltatzen dituztenak, beren xedapen erregulatzaileak betez eratu behar dituzten erreserben errentagarritasuna bermatzeko erositakoak, eta ondasun higigarri gorporalak.

Supostu horietan, ondasunen desafektazioa inorenganatze-akordioan inpliziturik dagoela joko da.

7. Ogasun eta Finantza Departamentuak ondasunaren harrera formala jasotzen ez duen bitartean, ez da ulertuko desafektatutako ondasunak, baita jabari publikoaren mugarritze batetik eratorriak direnean ere, jabari pribatuari inkorporatu direla, eta bien bitartean jabari publiko izaten jarraituko dute.

24. artikulua. Aldaketa demanialak.

1. Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ondasunen erabilera aldatzea Diputatuen Kontseiluari dagokio.

2. Departamentu batek beste bati adskribaturiko ondasunen beharra duenean, Ogasun eta Finantza Departamentura jo beharko du bidezko espedientea ireki dezan, eta honek interesaturik dauden departamentu guztiei entzun ondoren, ondasunari edo ondasunei zein erabilera eman erabakiko da. Azken erabakia, nolanahi ere, Diputatuen Kontseiluak emango du.

25. artikulua. Adskribaturiko ondasunak ikuskatzea.

1. Ogasun eta Finantza Departamentuak bere eskutan du departamentu desberdinek, foru erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko foru ente publikoek, korporazioek eta pertsona fisiko nahiz juridikoek, edozein titulu dela medio, esleituak dauzkaten ondasun eta eskubideak nola erabiltzen dituzten ikuskatzea, horiek Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondarekoak badira.

2. Bereak diren ahalmenak erabiliz, Ogasun eta Finantza Departamentuak:

  • a) Egoki irizten dituen datuak eskatu ahal izango ditu ondasun eta eskubideak nola erabiltzen diren ezagutzeko.
  • b) Ondasun eta eskubideen adskribapena eta xedea kentzea edo horien erabilera amaitzea sustatu eta, hala bada, proposatu ahal izango du.

IV KAPITULUA
INBENTARIOA ETA KONTABILITATE ERREGIMENA

26. artikulua. Inbentario Orokorra.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorra egingo du Foru Arau honetan ezartzen den moduan.

Inbentario Orokorra Lurralde Historikoaren Ondarea egoki kudeatzen laguntzen duen tresna da, eta bereziki ondare hori osatzen duten ondasun eta eskubideei babes juridiko eta ekonomikoa emateko tresna.

2. Gipuzkoako Foru Aldundia da, Ogasun eta Finantza Departamentuaren bidez, Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorra kudeatuko duena, eta egoki irizten duen informazio eskatu ahal izango du hura osatu eta egunean jartzeko.

3. Foru erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko foru ente publikoek beren titularitatepean dauzkaten, beraiek erabiltzen dituzten edo haiei adskribaturik dauden ondasun eta eskubideen inbentarioa egingo dute nork bere aldetik, ondoren Ogasun eta Finantza Departamentuari igorri beharko diotelarik.

4. Departamentuek, foru erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko foru ente publikoek derrigorrez jakinarazi beharko diote Ogasun eta Finantza Departamentuari adskribatuta dauzkaten ondasun eta eskubideetan inkorporazio edo aldaketak izan diren, inbentarioa osatu eta eguneratu ahal izateko.

27. artikulua. Inbentario Orokorraren edukina.

1. Inbentario orokorrean ondasunak eta eskubideak berezita adieraziko dira honako epigrafeei jarraituz beren izaeraren arabera:

  • - Higiezinak.
  • - Balore higigarriak eta kredituak.
  • - Makineria, ibilgailuak eta bestelako garraio-elementuak.
  • - Informazioa prozesatzeko ekipoak, bulegoko altzari eta ekipoak, eta bestelako altzariak.
  • - Izaera historiko edo artistikoa duten objektu eta altzariak.
  • - Aziendak.
  • - Jabetza gorpuzgabeak.
  • - Errentamendu eskubideak eta beste eskubide pertsonalak.

Epigrafe horietako bakoitzak inbentario bana eratuko du.

2. Gipuzkoako Lurralde Historikoko bideen jabari publikoa osatzen duten Errepide, Bide eta Bialen Inbentarioa Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorraren barruan sartuko da, baina bere prestaketan propio duen araudia erabiliko da, kapitulu honetan emandako xedapenak aplikatu gabe.

28. artikulua. Inbentario Orokorrean sartu beharreko informazioa.

Inbentario bakoitzean ondasun eta eskubide guzti-guztiak zehaztu beharko dira eta, gutxienez, honako datuok aipatu:

  • - Ondasun mota eta eskubidearen edukina.
  • - Eskubideen izaera juridikoa.
  • - Jabaria publikoa ala pribatua den.
  • - Zein organori dauden adskribatuta, eta zein den ondasun edo eskubide horien zertarakoa eta, hala bada, afektazioa.
  • - Ondasun edo eskubidearen titularitatea zein tituluren bidez jaso den, eta nola, noiz eta zenbatetan eskuratu den.
  • - Ondasun eta eskubideen balioa.

29. artikulua. Inbentario Orokorra onartu, aldatu eta eguneratzea.

1. Inbentario Orokorra onartu eta eguneratzea Diputatuen Kontseiluari dagokio.

2. Inbentario Orokorrean dagoen informazioa aldatuz gero, aldaketa horiek bertan adierazi beharko dira Ogasun eta Finantza Departamentuak haien berri jasotzen dituen einean.

3. Urtean behin, Finantza eta Aurrekontuetako Zuzendaritza Nagusiak Inbentario Orokorra eguneratuko du, azken eguneraketatik ondasun eta eskubideetan izandako era guztietako aldaketak bertan adieraziz.

Noiztik aurrera: 2007/04/11 29.4 artikulua, Martxoaren 27ko 2/2007 Foru Arauak [GIPUZKOA] barneratutakoa, zeinaren bidez aldatzen baita 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ondarearena («G.A.O.» apirilak 10).

30. artikulua. Dokumentuak zaintzea

Ogasun eta Finantza Departamentua arduratuko da jabari-tituluak, mugak zehazteko aktak eta Foru Aldundiaren ondasun eta eskubideen frogagiri diren titulu, balore eta gainerako dokumentuak mantendu eta zaintzeaz, bai eta Inbentario Orokorrean jasotako ondasun eta eskubideen fede publikoa emateaz ere.

31. artikulua. Kontabilitate Erregimena.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen egoera eta aldaketak kontabilitatean erregistratzeko, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Herri-Kontabilitate Plana jarraitu beharko da.

Ondorio horietarako, Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorra Herri-Kontabilitatea erregistratzeko laguntza tresna bat izango da.

II TITULUA
JABARI PRIBATUKO ONDASUNEN ERREGIMENA

I KAPITULUA
ONDASUNAK ETA ESKUBIDEAK ESKURATZEA

32. artikulua. Iharduteko gaitasuna.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiak gaitasun juridiko osoa du, eta iharduteko ahalmena, ordenamendu juridikoak ezartzen dituen baliabideekin ondasun eta eskubideak eskuratu eta edukitzeko, eta bere Ondarearen defentsarako bidezko diren ekintzak eta errekurtsoak aurrera eramateko.

2. Ondasun eta eskubide guztiak Gipuzkoako Lurralde Historikoaren jabari pribaturako eskuratzen direla ulertzen da, 21. artikuluan aurrikusitako salbuespenekin, geroago erabilera edo zerbitzu publikora afektatzearen kaltetan gabe.

33. artikulua. Eskuratzeko erak.

Ondasunak eta eskubideak honela eskuratu ahal izango dira:

  • a) Legeak hala adierazita.
  • b) Esleipen judizial edo administratiboz.
  • c) Dirutruk lortzen den beste titulu baten bidez, ordainketa diferitua egiteko aukera egonik kasu honetan, aurrekontuaren arauen arabera.
  • d) Desjabetzapen bidez.
  • e) Irabazi asmo batekin, heredentziaz, legamenduz edo dohaintzaz.
  • f) Usukapioz edo akzesioz.
  • g) Okupazioz, ondasun higigarriak badira.
  • h) Beste administrazio publiko batetik egindako transferentziaz.
  • i) Legezkoa den beste edozein moduren bitartez ordenamendu juridikoaren barruan.

34. artikulua. Esleipen judizialak eta administratiboak.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiari ondasun edo eskubide bat esleitzen dioten agintari judizial edo administratiboek, Ogasun eta Finantza Departamentura helarazi beharko dute hartutako ebazpena.

Noiztik aurrera: 2007/04/11 34.1 artikulua, Martxoaren 27ko 2/2007 Foru Arauak [GIPUZKOA] idatzia, zeinaren bidez aldatzen baita 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ondarearena («G.A.O.» apirilak 10).

2. Prozedura judizial edo administratiboen ondorioz Gipuzkoako Foru Aldundiari esleitutako ondasun eta eskubideak Ogasun eta Finantza Departamentuak identifikatu beharko ditu, perizialki baloratu eta Inbentario Orokorrean sartu.

35. artikulua. Dirutruke eskuratzea.

1. Ondasun eta eskubideak dirutruke eskuratzeko, kontratazio administratibo eta patrimonialerako ezarrita dauden izapide eta arauak bete beharko dira. Eskurapen hauen ezaugarri bereizgarrienak Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratuko dira.

2. Ondasun eta eskubideak nahitaezko desjabetzapenez eskuratuz gero, honi dagozkion arauak jarraituko dira.

36. artikulua. Heredentziaz, legamenduz edo dohaintzaz eskuratzea.

1. Gipuzkoako Lurralde Historikoaren alde ondasun eta eskubideak heredentziaz, legamenduz edo dohaintzaz eskuratzeak, Diputatuen Kontseiluaren onespena beharko du Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposatu eta gero.

2. Ondasunak dohainik eskuratzeko, ez da inolako murrizketarik ezartzen. Dena den, eskurapenak bestelako diru-baldintza edo modalitatea bete behar badu, ondasunak ez dira onartuko harik eta ezarri den kargaren balioa erosten denaren balioa - aurrez tasatutakoa, alegia- baino handiagoa ez dela espediente batean kreditatu arte. Halabaina, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren interes patrimonialek erosketa egitea gomendatzen badute, hori ez da kreditatu beharko, arrazoiak espedientean behar bezala justifikatzea ezinbestekoa izango delarik.

3. Heredentziak onartzen direnean, inbentarioa gehitzeko onartzen direla ulertuko da beti.

37. artikulua. Usukapioz, akzesioz eta okupazioz eskuratzea.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren alde usukapioz, akzesioz eta okupazioz egiten diren eskurapenak Kode Zibilaren eta lege berezien arabera arautuko dira.

38. artikulua. Ondasun higiezinak eskuratzea.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiak, foru erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko foru ente publikoek beren helburuetarako behar dituzten ondasun higiezinak dirutruke eskuratzea, Diputatuen Kontseiluan erabakiko da Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposatu eta gero.

2. Eskurapena lehiaketa ireki bidez egingo da. Dena den, Diputatuen Kontseiluak lehiaketa baztertu dezake eta prozedura negoziatua erabili hurrengo egoera hauetakoren bat, espedientean arrazoitu eta kreditatu beharko dena, gertatzen bada:

  • a) Eskurapena premia handikoa dela agerian egotea.
  • b) Eskuratu nahi den ondasunak edo erantzun beharreko premiak berezitasun bat edukitzea.
  • c) Higiezinen merkatuan eskaintza gutxi egotea.

3. Aurreko apartatuan adierazi diren supostu guztietan, ahal dela, hiru eskaintza eskatuko dira gutxienez.

4. Bidezko kontratuak notarioaren aurrean formalizatzeko egin beharreko izapideak Ogasun eta Finantza Departamentuak burutuko ditu. Eskritura publikoak ematean, Foru Aldundiaren ordezkaritza Ogasun eta Finantza Departamentuak izango du.

Noiztik aurrera: 2002/01/01 38.4 artikulua, 2002ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2002. Urterako Aurrekontu Orokorrak onartzeari buruzko martxoaren 26ko 3/2002 Foru Arauak [GIPUZKOA] idatzia («G.A.O.» apirilak 8). Ondorioak / Aplikagarritasuna: 2002/01/01

5. Nahitaezko Desjabetzapenaren Legearen babesean burutzen diren eskurapenak aurreko apartatuan xedatutakotik kanpo geratuko dira. Kau horietan, dagozkion departamentuak arduratuko dira gestioa egiteaz, eta bidezko espedienteak behin amaiturik, egindako eskurapena Ogasun eta Finantza Departamentuari jakinaraziko diote.

39. artikulua. Ondasun higigarriak eskuratzea.

1. Dagokion departamentuko foru diputatua edo foru erakunde autonomoen nahiz zuzenbide pribatuko foru ente publikoen legezko ordezkariak izango dira zerbitzu publikoak normaltasunez bideratzeko beharrezkoak diren ondasun higigarri gorporalak erostea erabakiko dutenak, 3/1984 Foru Arauan ezarritako mugen barruan beti ere, eta hala eginez gero ondasun horiek, inplizituki, dagokion zerbitzu publikoari atxikita geratuko dira.

2. Modu zentralizatuan eskuratzekoak diren ondasun, zerbitzu eta hornigaiak aurreko apartatuan esandakotik kanpo geratzen dira.

3. Ondasun higigarriak eskuratzeko kontratuen esleipena, kontratu horien legeria arautzaileak administrazio publikoetarako ezartzen dituen era eta prozeduren arabera egingo da.

40. artikulua. Sozietateetako akzio eta partaidetzak eskuratzea.

1. 17/1990 Foru Arauak sozietate publikoei buruz dioenaren kaltetan gabe, edozein sozietatetan akzio edo partaidetzak eskuratzea Diputatuen Kontseiluak baimendu behar du, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak eta gaia dela-ta interesaturik dagoen Departamentuko foru diputatuak, edo 3. artikuluan aipatzen diren entitateen departamentuak, batera proposaturik, balorazio ekonomikoa izan dezaketen ondasun eta eskubide patrimonialak aportatzea erabaki daitekeelarik.

2. Nolanahi ere, kapitalaren gaineko eskubideak Gipuzkoako Lurralde Historikoaren jabari pribatuan sartuko dira.

41. artikulua. Jabetza gorpuzgabeak eskuratzea.

Jabetza gorpuzgabeen erosketa erabakitzea Diputatuen Kontseiluari dagokio, departamentu interesatuak proposamenez, erosketaren prezioa maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak, Gipuzkoaren Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, hirugarren xedapen gehigarrian jasotako zenbatekoaren berdina edo handiagoa denean.

Prezioa zenbateko hori baino txikiagoa bada, jabetza gorpuzgabeen erosketa gaia dela-eta interesatuta dagoen departamentuko foru diputatuak erabakiko du.

Erosketa horien berri eman beharko zaio Ogasun eta Finantza Departamentuko Ondare eta Kontratazio Zerbitzuari

41. artikulua, 1998ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako Herrialde Historikoko 1998rako Aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 7/1997 Foru Arauak [GIPUZKOA] idatzia («G.A.O.» abenduak 31). Indarreangotasuna: 1997/12/31 Ondorioak / Aplikagarritasuna: 1998/01/01

42. artikulua. Ondasunak errentan hartzea.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiaren alde, foru erakunde autonomoen alde, edo zuzenbide pribatuko foru ente publikoen alde ondasun higiezinak errentan hartzea Diputatuen Kontseiluak erabakiko du, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak hala proposaturik.

2. Ondasun higiezinen errentamendu kontratuak bost urtekoak edo gutxiagokoak direnean, etxebizitzaz bestelako erabilerakoak direnean eta hasierako urteko errenta milioi pezetatik beherakoa (BEZa sartu gabe) denean, erabakia departamentu bakoitzeko foru diputatuak edo foru organismo autonomoaren nahiz zuzenbide pribatuko foru ente publikoaren administrazio organoak hartuko dute42.2 artikuluaren 1.go paragrafoa, 1998ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako Herrialde Historikoko 1998rako Aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 7/1997 Foru Arauak [GIPUZKOA] idatzia («G.A.O.» abenduak 31). Indarreangotasuna: 1997/12/31 Ondorioak / Aplikagarritasuna: 1998/01/01

Atal honetan aipatzen diren kontratazioak egiteko, honako izapide administratibo hauek baino ez dira jarraituko, hots, behar adinako kreditua badagoela egiaztatu eta kontratuaren baldintzak betez aurkezten diren eskaintzak aztertu, horietako batek dagokion kontratazio-organoaren onespena jaso beharko duelarik

Edonola ere, Ogasun eta Finantza Departamentuko Ondare eta Kontratazio Zerbitzuari kontratazioa burutu izana jakinarazi beharko zaio.

3. Ondasun higigarrien errentamendua, Departamentuko foru diputatuak edo foru erakunde autonomoen nahiz zuzenbide pribatuko foru ente publikoen legezko ordezkariek erabakiko dute, modu zentralizatuan kudeatzeko izendatu direnak kanpo uzten direlarik. Kasu horietan, erabakitzeko ahalmena beren xedapen arautzaileek esandakoari jarraituz emango da.

4. Artikulu honen bigarren atalean ezarritakoan salbu, errentamendu guztiak lehiaketa ireki bidez egingo dira, eta aplikatuko den prozedura ondasunak eskuratzeko ezarrita dagoena izango da, errentamendu-kontratuen aldaketekin noski. Prozedura negoziatua, ondasunak eskuratzeko zehaztu diren kasu berdinetan onartuko da, beharrezkoa izanik hemen ere gutxienez hiru eskaintza eskatzea, ahal dela.

43. artikulua. Erabilera lagapenak onartzea.

1. Beste administrazio publikoek, beste erakundeek edo partikularrek Gipuzkoako Foru Aldundiari jabari pribatuko ondasunen erabilera lagatzen diotenean, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua izango da, dagokion departamentuko foru diputatuaren proposamenez, lagapen hori onartu beharko duena, eta lagapenak, inplizituki, erabilera zehatz bat emateko baldintza edo konpromisu bat badakar Diputatuen Kontseiluaren baimena beharko da.

2. Lagatutako ondasunei dagokienez, nolanahi ere, Diputatuen Kontseiluak, dagokion departamentuko foru diputatuaren eta Ogasun eta Finantza Departamentuaren proposamenez, bere erabakia eman beharko du:

  • a) Higiezinetan inbertsioak baimentzeko, hobekuntza lanak barne, baldin eta horren zenbateko osoak ondasunari lagapenaren unean tasatutako balio perizialaren %25a gainditzen badu.
  • b) Lagapenaldiaren bigarren zatian eta, edozein kasutan, azken bi urteetan, kontserbaziorako ez diren gastuak egiteko.

3. Foru erakunde autonomoen alde edo zuzenbide pribatuko foru ente publikoen alde burutzen diren erabilera-lagapenak dagokion administrazio-organoak onartuko ditu, non eta legeria bereziak bestelakorik esaten ez duen. Lagapenak, inplizituki, erabilera zehatz bat emateko baldintza edo konpromisu bat badakar Diputatuen Kontseiluaren baimena beharko da.

II KAPITULUA
INORENGANATZEA

44. artikulua. Ondasun higiezinak inorenganatzea.

1. Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondareko ondasun higiezinak inorenganatzeko, Diputatuen Kontseiluak, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, alienagarritasun deklarazioa eman beharko du aurretik.

2. Ondasun higiezinak inorentzeko eta jarraitu beharreko baldintzak erabakitzeko ahalmena Diputatuen Kontseiluarena da.

3. Ondasun bat inorenganatzeko izapideak ezingo dira hasi harik eta Ogasun eta Finantza Departamentuak ondasun horren egoera juridiko eta fisikoa aztertu arte. Beharrezkoa izanez gero, mugak zehaztu egin ahal izango dira eta Jabetza-Erregistroan hori inskribitu oraindik inskribiturik ez badago.

45. artikulua. Ondasun higiezinak inorenganatzeko prozedura.

1. Ondasun higiezinak tasazio periziala aurrez eginik inorenganatuko dira, eta prozedura enkante irekiarena izango da, Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratuz. Horren salbuespena inorenganatzea beste ondasun batzuen trukean egitean gertatuko da, haren beharra espediente batean kreditatu beharko delarik.

Enkantearen neurriak tasazio perizialaren zenbatekora iritsi beharko du gutxienez, beti ere ondasunaren gainean dauden kargak kendu ondoren, hala badagokio.

Lehen lizitazioan, enkantearen neurrira gutxienez iristen diren proposamenak baino ez dira onartuko.

Noiztik aurrera: 2007/04/11 45.1 artikulua, Martxoaren 27ko 2/2007 Foru Arauak [GIPUZKOA] idatzia, zeinaren bidez aldatzen baita 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ondarearena («G.A.O.» apirilak 10).

2. Ondasun higiezina lehen lizitazioan inorenganatzen ez bada, bigarren bat egingo da, Diputatuen Kontseiluak hala baimenduta, beronen neurria Diputatuen Kontseiluak ezarriko duelarik. Lehen lizitaziorako ezarritakoaren %85etik gorakoa izan beharko du neurri horrek.

Bigarren lizitaziorako jarritako neurrira gutxienez iristen diren proposamenak baino ez dira onartuko.

3. Aurreko ataletan xedatutakoaren kaltetan gabe, Diputatuen Kontseiluak, ezohizko izaeraz, jarraian aipatzen diren kasuotan ondasun higiezinak zuzenean inorenganatzeko erabakia har dezake, Ogasun eta Finantza Departamentuak informatu ondoren:

  • a) Premia handiz inorenganatu behar denean.
  • b) Diputatuen Kontseiluak isilpeko deklaratzen duenean espedientea.
  • c) Eroslea irabaz asmorik gabeko entitate asistentzial bat edo onura publikoko fundazio bat denean.
  • d) Eroslea beste administrazio publiko bat denean edo, oro har, sektore publikoan dagoen zuzenbide publiko nahiz pribatuko pertsona juridiko bat denean.

    Ondorio horietarako, sektore publikoan dagoen zuzenbide publiko nahiz pribatuko pertsona juridikotzat hauxe ulertuko da, hots, merkatal sozietate bat, kapitalaren partaidetza nagusia, zuzenean edo zeharka, administrazio publiko baten edo batzuen esku edo zuzenbide publikoko pertsona juridikoen esku duena.

  • e) Ondasunak ez lizitazio batean eta ez bestean inorenganatzen ez direnean, baldin eta zuzeneko inorenganaketa baldintza berdinetan onartzen bada, lizitazio horretarako onargarri den gutxieneko posturaren prezioa jaitsi gabe.
  • f) Ondasunaren izaeragatik, prozedura irekia ezinezkoa edo oso zaila gertatzen denean.

a), b), c), d) eta f) ataletan aurrikusi diren kasuetan, inorenganatzearen prezioak ondasunaren tasazioarena edo handiagoa izan beharko du, haren gainean dauden kargak kendu eta gero, hala badagokio. Noiztik aurrera: 2002/01/01 45.3 artikuluaren azkenaurreko parrafoa, 2002ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2002. Urterako Aurrekontu Orokorrak onartzeari buruzko martxoaren 26ko 3/2002 Foru Arauak [GIPUZKOA] idatzia («G.A.O.» apirilak 8). Ondorioak / Aplikagarritasuna: 2002/01/01

Gorabehera hauek guztiak behar bezala justifikatu eta kreditatu beharko dira espedientean. Era berean, eta espedientearen izaerak berak bidezko egiten duenean, zabalkunde eta konkurrentzia arauak bete beharko dira.

Noiztik aurrera: 2007/04/11 45.3 artikulua, Martxoaren 27ko 2/2007 Foru Arauak [GIPUZKOA] idatzia, zeinaren bidez aldatzen baita 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ondarearena («G.A.O.» apirilak 10).

46. artikulua. Zuzenean inorenganatzea enplegua sortu edo mantentzeko.

1. Gipuzkoako Lurralde Historikoan ekonomia eta enplegua sortu eta sendotzeko bide ematen duenean onartuko da ondasun eta eskubideak zuzenean inorenganatzea.

Ezaugarri hori behar bezala kreditatu beharko da inorenganatze-espedientean, ekonomia, zerga eta lan alorrean hark izango dituen ondorioak justifikatuz.

2. Supostu horietan, inorenganatzeko prezioa ondasun edo eskubidearen tasazio-balioa baino txikiagoa izan daiteke, baina %50eko murrizketa gainditu gabe. Salerosketaren prezioa, inorenganatzen den ondasun edo eskubidearen gainean dauden kargak kenduta, hala badagokio, tasazio perizialaren balioaren %75a baino txikiagoa denean, inorenganatze-akordioa Batzar Nagusiei jakinarazi beharko zaie.

3. Inorenganatze-prezioa ondasunaren balorazioa baino txikiagoa bada, inorenganaketak Foru Arau honen 50. artikuluan dohainik inorenganatzeko ezartzen diren baldintza, muga eta berme berberak bete beharko ditu.

4. Artikulu honetan aipaturiko supostuei dagokienez, inorenganatzeko akordioak prezio ordaintzeko epea, gehienez, hamar urtekoa izatea ezarri ahal izango du. Ordainketak aldizkakoak izango dira eta bertan zenbateko nagusiaren ordainketa partzialak eta geroratutako zenbatekoaren interesak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Finantza eta Aurrekontu Erregimenari buruzko 17/1990 Foru Arauaren arabera kalkulatuko direnak, sartuko dira. Gainera, ordaintzeke geratzen den kopurua hipoteka, bahi, banketxe-abal edo nahikoa den beste berme batez garantizatu beharko da.

5. Salbuespenez, ondasun eta eskubideak zuzenean eta dohanik inorenganatzea onar daiteke, 1 apartatuan jasotako helburuarekin. Salbuespena behar bezala frogatu eta justifikatu beharko da espedientean.

Inorenganatze erabakian egoki deritzoten mugak, baldintzak edo bermeak jaso beharko dira, eta bereziki helburuak betetzeko behar diren haiek.

Muga, baldintza edo berme horiek betetzen ez badira, ondasun eta eskubideak Gipuzkoako lurralde historikoaren Ondarera pasatuko dira eskubide osoz eta inorenganatu ziren izaera berberaz

46.5 artikulua, 1998ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako Herrialde Historikoko 1998rako Aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 7/1997 Foru Arauak [GIPUZKOA] barneratutakoa («G.A.O.» abenduak 31). Indarreangotasuna: 1997/12/31 Ondorioak / Aplikagarritasuna: 1998/01/01

47. artikulua. Ondasun higigarriak inorenganatzea.

1. Ondasunen balio unitarioa maiatzaren 30eko 3/1984 Foruak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, Hirugarren Xedapen Gehigarrian zehazten den kopurua baino txikiagoa denean, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua izango da, foru diputatuak edo dagokion departamentuaren, foru erakunde autonomoaren nahiz zuzenbide pribatuko foru ente publikoaren legezko ordezkariak proposaturik, ondasun higigarriak, edozein izaera dutela ere, inorenganatzea erabakiko duena.

2. Ondasun higigarrien balio unitarioa aurreko atalean adierazitako zenbatekoa baino handiagoa bada, Diputatuen Kontseiluak baimendu beharko du horiek inorenganatzea Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatu titularrak proposatu eta gero. Arte lanak edo interes historiko, arkeologiko edo artistikoa duten objektoak direnean salmenta dagokion Departamentuak proposatuko du, Ogasun eta Finantza Departamentuak txostena egin ondoren.

Noiztik aurrera: 2007/04/11 47.2 artikulua, Martxoaren 27ko 2/2007 Foru Arauak [GIPUZKOA] idatzia, zeinaren bidez aldatzen baita 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ondarearena («G.A.O.» apirilak 10).

3. Ondasun higigarria, mota bereko ondasunak hornitzeko kontratu baten prezioa partzialki ordaintzeko inorenganatzen bada eta, beti ere, inorenganatu beharreko ondasunaren balioak 2.000.000 pezeta gainditzen ez baditu, inorenganaketa hornidura-kontratu horren baldintza partikularren orria onartzeko eskumena duen organoak erabakiko du.

4. Inorenganatze-akordioak berak afektazio eta adskribapenik gabe utziko ditu dena delako ondasunak.

5. Espedientean justifikaturik eta kreditaturik utzi beharko da ondasunak, beharrezkoak ez izateagatik edo berritu beharrean egoteagatik, saltzea merezi dutela.

6. Ondasun higigarriak inorenganatzeko prozeduran, 45. artikuluan ondasun higiezinetarako ezarri diren erregela berberak jarraituko dira aplikagarri zaien guztian.

Nolanahi ere, gertatzen bada bigarren lizitazioa egin eta berau eman gabe geratzen dela, ondasunak zuzenean inorenganatu ahal izango dira. Gutxieneko prezioa, kasu horretan, ezingo da bigarren enkanterako ezarritako neurriaren %85etik beherakoa izan.

7. Kontsumo-gaiak, nekazaritzako produktuak, merkataritza nahiz industri alorrekoak eta argitalpenak, zuzenean saldu ahal izango zaizkio publikoari, arauz ezarriko diren baldintzei jarraituz.

8. Erabileraren poderioz zaharkituta edo hondatuta geratu direlako efektu erabilezinak deklaratu diren ondasun higigarriak jardunbide negoziatu bidez inorenganatuko dira.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuaren esku dago efektu erabilezinen deklarazioa. Horretarako, inorenganatzea erabakitzen duen ebazpena erabil dezake,ondasun horiek atxikita egon diren departamentuaren eskaerari erantzunez eta bidezko deritzen perituen txostenak kontuan hartuz, baldin eta inorenganatu beharreko ondasun bakoitzaren balioa 100.000 pezetatik gorakoa eta ondasun sortaren balioa, hala dagokionean, 500.000 pezetatik gorakoa ez badira

47.8 artikulua, Abenduaren 23ko 13/1996 Foru Arauak barneratua, Gipuzkoako Herrialde Historikoaren 1997rako aurrekontu orokorrak onartzeari buruzkoa («G.A.O.» abenduak 31). Indarreangotasuna: 1996/12/31

48. artikulua. Ondasunak trukatzea.

1. Jabari pribatuko ondasun higigarri eta higiezinak beste batzuekin trukatu daitezke, haien alienagarritasuna deklaratu eta gero.

2. Trukaketa egitea Diputatuen Kontseiluak erabakiko du departamentuko foru diputatuak edo foru erakunde autonomoaren nahiz zuzenbide pribatuko foru ente publikoaren legezko ordezkariak proposatu eta gero. Proposamen hori egin aurretik, espediente batean trukaketa beharrezkoa dela kreditatu beharko da eta trukatzeko proposatzen diren ondasunen balorazioa azaldu.

3. Trukatzen diren ondasunak higigarriak direnean eta hauetako bakoitzaren balorazioa 47.1 artikuluan adierazitako zenbatekora iristen ez denean, trukaketa Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak erabakiko du, departamentuko foru diputatuak edo dagokion departamentuaren, foru erakunde autonomoaren nahiz zuzenbide pribatuko foru ente publikoen legezko ordezkariak proposatu ondoren.

4. Trukatzen diren ondasunen artean balorazio-diferentziarik egonez gero, dirutan konpentsatuko da.

49. artikulua. Jabetza gorpuzgabeak eta akzioak edo partaidetzak inorenganatzea.

1. gorpuzgabeak inorenganatzea Diputatuen Kontseiluak baimendu beharko du, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposatu eta gero.

2. Sozietate bateko kapitalaren ordezkapen-tituluak edo bertako akzioak inorenganatzea, Diputatuen Kontseiluak baimendu beharko du, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik eta dagokion departamentuak gaiaren inguruko txostena aurkeztu ondoren.

3. Prozedura bezala Foru Arau honen 45. artikuluan aurrikusten den enkante irekia erabiliko da, aplikagarri zaion guztian. Dena den, behar bezala kreditatu beharko diren onura publikoko arrazoiak egonez gero, Diputatuen Kontseiluak zuzenean inorenganatzea baimendu dezake Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak hala proposaturik.

50. artikulua. Dohainik inorenganatzea.

1. Ondasun eta eskubideak administrazio publikoen alde dohainik inorenganatzea, Batzar Nagusiek baimendu beharko dute, Diputatuen Kontseiluak proposatu eta gero. Onura publiko edo interese sozialeko arrazoiengatik baino ezingo da inorenganatze hori erabaki.

2. Inorenganatzeko erabakia Diputatuen Kontseiluak hartuko du aurreko lerroaldian adierazitako baimena jaso eta gero. Bertan, eta ezarritako epeetarako, bidezko irizten diren mugak, baldintzak eta bermeak zehaztuko dira eta, bereziki, ondasun edo eskubideari emango zaion iharduera edo erabileraren mantenimendua ziurtatzeko behar diren guztiak, bai eta ondasun edo eskubidea hirugarren bati lagatzeko debekua ere.

3. Ezarritako mugak, baldintzak edo bermeak betetzen ez badira, ondasun eta eskubideak eskubide osoekin eta inorenganatuak izan ziren titulu berberarekin itzuliko dira Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondarera.

4. Diputatuen Kontseiluak, arauz ezarriko diren mugen barruan, dohainik inorenganatu ahal izango ditu ondasun higigarriak administrazio publikoen edo irabaz asmorik gabeko erakundeen alde.

III KAPITULUA
PRESKRIPZIOA

51. artikulua. Arau aplikagarriak.

Jabari pribatuko ondasunen gaineko eskubideak legeria zibilean ezarritakoaren arabera preskribituko dira Gipuzkoako Lurralde Historikoaren alde eta aurka.

IV KAPITULUA
ERABILPENA

52. artikulua. Jabari pribatuko ondasunak ustiatzea.

1. Jabari pribatuko ondasunek etekin ekonomiko bat ekar dezaketenean, Diputatuen Kontseiluak, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuaren proposamenez, haiek ustiatzea erabaki dezake, ustiapena zuzenean -ente instituzional baten bitartez- edo partikularren bidez egin ahal izango delarik.

2. Diputatuen Kontseiluak, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuaren proposamenez, ustiapenaren eta dagokion kontratuaren oinarriak finkatuko ditu, kontratua ordenamendu juridikoan aurrikusten direnetako edozein izango delarik.

3. Kontratua lehiaketa irekiaren bidez esleituko da.

Prozedura negoziatua honako kasuotan baino ez da onartuko:

  • a) Interes orokorreko arrazoiak, espedientean kreditatu beharko direnak, daudenean.
  • b) Administrazioak ondasuna lagatzeagatik jasotzen duen ordain ekonomikoa urteko 1.000.000 pezetatik beherakoa denean.
  • c) Ustiapena modu arrazional batez burutzeko gaitasuna pertsona edo entitate batek bakarrik duenean, berau espedientean kreditatu beharko delarik.
  • d) Kudeaketa eta ustiapena administrazio publiko bati edo beronen enteei ematen zaizkienean.

Edonola ere, kontratazio patrimonial eta administratiborako indarrean dauden arauak beteko dira.

Lagapenaren edo ustiapenaren berezitasunik esanguratsuenak Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratuko dira.

4. Diputatuen Kontseiluak, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatu titularraren proposamenez, ustiapenaren epea luzatu ahal izango du, baina hasierako epearen erdia gainditu gabe.

Luzapen berria ematea Batzar Nagusiek baimendu beharko dute.

5. Diputatu Kontseiluak erabakiko du jabetza gorpuzgabeko eskubideen ustiapena, departamentu interesatuaren proposamenez, Administrazioak jasotzen duen kontraprestazio ekonomikoa maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak, Gipuzkoaren Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, hirugarren xedapen gehigarrian jasotako zenbatekoaren berdina edo handiagoa denean.

Kontraprestazioa zenbateko hori baino txikiagoa bada, jabetza gorpuzgabeko eskubideen ustiapena gaia dela-eta interesatuta dagoen departamentuko foru diputatuak erabakiko du.

Kontratu horien berri eman beharko zaio Ogasun eta Finantza Departamentuko Ondare eta Kontratazio Zerbitzuari

52.5 artikulua, 1998ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako Herrialde Historikoko 1998rako Aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 7/1997 Foru Arauak [GIPUZKOA] barneratutakoa («G.A.O.» abenduak 31). Indarreangotasuna: 1997/12/31 Ondorioak / Aplikagarritasuna: 1998/01/01

53. artikulua. Erabilerak dohainik lagatzea.

1. Jabari pribatuko ondasun higiezinak ez direla ustiatuko edo afektatu gabe geldituko direla aurrikusten denean, Diputatuen Kontseiluak, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuaren proposamenez, hamar urtez gehienez lagatuko ahal izango du haien erabilera onura publikoko helburuetarako.

2. Artikulu honen ondorioetarako, honako erabilera-lagapenak izango dira onura publikokoak:

  • a) Administrazio Publikoei eta beren Ente Instituzionalei egindakoak.
  • b) Onura publikokoak izendatutako erakundeei egindakoak.
  • c) Irabaz asmorik gabeko erakundeei egindakoak.

3. Lagapen hauek, eta hala bada, beren luzapenak, Batzar Nagusiei jakinarazi beharko zaizkie.

4. Ondasun higigarrien erabilera ondasun higiezinetarako adierazi diren baldintza berdinetan lagatu ahal izango da, gehienezko epea bost urtekoa izango delarik.

5. Lagapen erabaki bakoitzean finkatutako epeak hasierakoaren parekoak diren jarraiko aldietan luzatu ahal izango dira, lagapen hartzaileak hala eskaturik, luzapen tazitua baztertuz. Luzatzeko erabakia Diputatu Kontseiluak hartuko du Ogasun eta Finantza Departamentuko Foru Diputatuak eskatuta.

6. Lagapena baimentzen duten erabakiek, lagapenaren helburu zehatza adierazi beharko dute beti.

7. Lagatutako ondasunak honako kasuotan itzuliko dira Foru Aldundiaren eskuetara:

  • a) Jarritako helburua, akordioan ezarrita zegoen epearen barruan, edo geroago, ematen ez zaienean ondasunei.
  • b) Lagapenaren epea edo, hala bada, luzapenarena, amaitzen denean.
  • c) Erabilerak kalte larriak eragiten dituenean ondasunetan. Horrelakoetan, Foru Aldundiak, tasazio perizialaren ostean, kalteen balioa eta narriaduraren ordaina jasotzeko eskubidea izango du.

III TITULUA
JABARI PUBLIKOKO ONDASUNEN ERREGIMENA

54. artikulua. Erabilera motak.

Jabari publikoko ondasunen erabilera amankomuna edo pribatiboa izan daiteke. Eta erabilera amankomuna, bere aldetik, orokorra edo berezia.

55. artikulua. Erabilera amankomuna.

1. Erabilera amankomun orokorra pertsona guzti-guztiei dagokiena da, batzuen erabilpenak besteena oztopatzen ez duelako. Ez du lizentzia edo baimenik behar, eta bere muga bakarrak hauek ditu: gainontzekoen erabilpenak jarritakoak kontuan hartzea, ondasunen izaera errespetatu eta zaintzea, eta bere erabilpen egokia bideratzeko emanda dauden jarraibideak eta polizi erregela zehatzak betetzea.

2. Erabilera amankomuna berezia dela esaten da administrazioak, erabiltzen diren ondasunak urriak izateagatik edo erabileraren intentsitate, ugaritasun edo arriskugarritasunagatik, aldibaterako lizentzia edo baimena eman beharra duenean.

Ondasuna adskribatuta daukan edo erabiltzen duen departamentuak, foru erakunde autonomoak edo zuzenbide pribatuko foru ente publikoak arautu beharko du erabilpena eta lizentzia eta baimenak eman. Horren inguruan gertatzen diren gorabeherek Inbentario Orokorreko datuak aldarazten badituzte, Ogasun eta Finantza Departamentuari jakinarazi beharko zaizkio.

56. artikulua. Erabilera pribatiboa.

1. Jabari publikoko ondasunak modu indibidualizatuan erabiltzeari esaten zaio erabilera pribatiboa, beste pertsonen erabilpen librea mugatu edo eragozten duelako.

2. Jabari publikoko ondasunak pertsona publiko zein pribatuek modu pribatiboan erabili ahal izan ditzaten, beharrezkoa da, aurretik, Diputatuen Kontseiluak, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuaren proposamenez, administrazio emakida luzatzea zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratu administratiboei buruzko legeriari jarraituz.

3. Kasu berezietan, jabari publikoko ondasunak aldi batez okupatzeko baimenak eman ahal izango dira. Prekarietate klausula izango dute inplizitua, eta kalteordaina jasotzeko eskubiderik gabe indargabetuko dira. Kasu horien berezitasunak behar den moduan egiaztatuta eta justifikatuta geratu beharko du espedientean.

4. Gertatzen bada, administrazio-emakida bat zerbitzu publiko bat eskaintzeko ematen dela, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren jabari publikoko ondasun batek erabilera amankomun berezia eduki beharra duela, erabilera horretarako baimena zerbitzuaren emakidan inplizitu datorrela ulertuko da.

Emakida ere inplizituki emanda dagoela ulertuko da, baldin eta zerbitzu publikoa eskaintzeko beharrezkoak diren Gipuzkoako Lurralde Historikoaren jabari publikoko ondasunak modu pribatiboan erabiltzeko bada.

Zerbitzua emakidan jartzeko aginpidea duen departamentu edo entitatea, eta hura garatzeko behar den jabari publikoa kudeatzen duena bat eta bera ez badira, emakidak aldaketa demaniala ekarriko du berarekin.

57. artikulua. Erabilera pribatiboa eskatzea.

Bere kabuz jabari publikoko ondasunak modu pribatiboan erabili nahi dituenak, memoria bat aurkeztu beharko du Ogasun eta Finantza Departamentuan ondasun edo eskubidea nola erabiliko den, emakidaren helburuak zeintzuk diren eta berau egitea zergatik komeni den arrazoituz.

58. artikulua. Proiektua egitea.

Emakidaren komenigarritasuna, printzipioz, onartu ondoren, administrazioak bidezko proiektua erredaktatuko du, bertan ondoko datu eta agiriak sartuko direlarik:

  • a) Memoria arrazoitua.
  • b) Okupatu beharreko jabari publikoko zatiaren kokalekua adieraziko duten planoak, neurriak eta gainerako ezaugarriak.
  • c) Egin beharko liratekeen obra-lanen plano zehaztuak.
  • d) Okupatu beharko litzatekeen jabari publikoko zatiaren balorazioa, jabetza pribatuko ondasunak balira bezala baloratuz.
  • e) Aurrekontua.
  • f) Obra-lanak egiteko baldintza orria, honen beharra eginez gero.
  • g) Emakida arautuko luketen baldintza orria.
  • h) Beharrekotzat jotzen diren datu edo agiri guztiak.

59. artikulua. Baldintza Orria prestatzea.

Jabari publikoko ondasunen emakida guztietan, departamentu eskudunak, gaiarekin duen lotura dela eta, emakida arautuko duen baldintza orria prestatuko du. Baldintza Orriak Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuaren onespena jaso beharko du eta, egoki irizten diren baldintzez gainera, honako hauek bilduko ditu: Noiztik aurrera: 2002/01/01 59 artikuluaren 1.go paragrafoa, 2002ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2002. Urterako Aurrekontu Orokorrak onartzeari buruzko martxoaren 26ko 3/2002 Foru Arauak [GIPUZKOA] idatzia («G.A.O.» apirilak 8). Ondorioak / Aplikagarritasuna: 2002/01/01

  • a) Zein den emakidaren helburua eta zein mugak jartzen zaizkion.
  • b) Nolako obrak edo instalazioak egin beharko dituen interesatuak, egin behar izanez gero.
  • c) Zein epe jartzen zaion erabilpenari,
  • d) Zeintzuk diren emakidadunak Gipuzkoako Foru Aldundiarekiko hartzen dituen betebehar eta ahalmenak, eta zeintzuk diren Aldundiak hartzen dituenak.
  • e) Erabilpenarekin tarifagarri diren zerbitzu pribatuak eskaini behar bazaizkie herritarrei, zeintzuk diren zerbitzu horien tarifak, eta zein beren osagaiak, geroago berrikusi ahal izateko.
  • f) Zein den emakidadunak ordaindu behar duen kanona. Honekin bat, ondasunetan, erabilera orokorrean edo zerbitzuan eragindako kalte eta galerak ordaindu beharra ere ezarriko zaio emakidadunari.
  • g) Erabilitako jabari zatia eta, hala bada, eraikitzen diren obrak, egoera onean mantentzea derrigorrezkoa dela adieraziko da.
  • h) Emakidaren epea amaitzean obrak eta instalazioak itzuli behar diren ala ez zehaztuko da.
  • i) Interes orokorreko arrazoiak direla eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak, epemugara iritsi aurretik, emakida baliorik gabe utz dezakeela sortutako kalteengatik ordaina emanez hala badagokio.
  • j) Emakida, jabetza eskubiderik gabe eta hirugarrenei kaltetu gabe ematen dela.
  • k) Zeintzuk diren emakida arautzen duten baldintzetakoren bat ez betetzeagatik jartzen diren zehapenak.
  • l) Ezartzen den epearen barruan, emakidaduna behartuta dagoela erabiltzen dituen ondasunak abandonatzera eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutan hutsik eta libre uztera, Aldundiak handik botatzeko berez duen ahalmena errekonozituz, hala badagokio.

60. artikulua. Emakidak jasotzeko lizitazioak.

1. Diputatuen Kontseiluak Baldintza Orria onartu ondoren, lizitazio fasera pasako da.

2. Emakidak gai bakoitzaren inguruko legeria jarraituz eta kontratazio administratiboaren arauen arabera emango dira, zabalkunde eta konkurrentzia printzipioak betez, baldintza horiek bete gabe burutzen diren emakidak baliorik gabe geratuko direlarik.

Noiztik aurrera: 2007/04/11 60.3 artikulua, Martxoaren 27ko 2/2007 Foru Arauak [GIPUZKOA] barneratutakoa, zeinaren bidez aldatzen baita 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Araua [GIPUZKOA], Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ondarearena («G.A.O.» apirilak 10).

61. artikulua. Emakiden epea.

Jabari publikoko emakidak hirugarrenei kaltetu gabe egingo dira beti, eta iraupen mugatua izango dute, gehienezko epea hirurogeita hamabost urtekoa izango delarik. Hasierako epea txikiagoa bada, esandako gehienezko epe horretaraino luzatu ahal izango da.

62. artikulua. Administrazio emalearen eskubide eta betebeharrak.

1. Besteak beste, administrazio emaleak honako eskubide hauek ditu:

  • a) Emakidak hartzen dituen jabari publikoko ondasunen gainean duen titularitatetik datozkion jabari-ahalmenak erabiltzea.
  • b) Emakidaren jabari publikoko ondasunen erabilera, akzesioz inkorporatuak barne, eta hala bada, obrak eta hobekuntzak, berrekuratzeko ahalmenak erabiltzea.

2. Administrazio emalearen betebeharrak ondoko hauek dira:

  • a) Emakidaren ondorio diren ondasunak emakidadunaren esku jartzea, bereak diren pribilegioak erabiliz horretarako.
  • b) Emakida kontrolatu eta zaintzea eta haren gainean polizia administratiboaren eginkizuna burutzea.
  • c) Erreskatea eginez gero, emakidadunari kalteordaina ematea, hala badagokio.
  • d) Lege berezietan, hauek garatzen dituzten xedapenetan eta emakidaren klausuletan ezartzen diren gainerako betebeharrak betetzea.

63. artikulua. Emakidadunaren eskubide eta betebeharrak.

1. Emakidadunak emakida erabili eta hartaz gozatzeko eskubidea du, haren klausulei jarraituz, bai eta emakidaren luzapena jasotzekoa ere, hala badagokio.

Jabari publikoko ondasunak publikoak izateari utzi eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren jabari pribatukoak izatera pasatzen direnean, ondasun horien gainean legalki egindako emakiden titularrek beren eskubideen jabe izaten jarraituko dute.

Horrelakoetan, emakida horien hasierako eskubide eta betebeharrak ondoko erregimen honen arabera arautuko dira:

  • a) Emakidaz gozatzeko epea bete denean edo administrazioak, epea espreski zehaztu gabe, erreskate librerako ahalmena esplizituki adierazi duenean, emakidak iraungitzat joko dira.
  • b) Iraungipen hori, emakida akordioetan ezarritako epeak amaitu ahala ere gertatuko da.
  • c) Legezko indarraldia amaitu bitartean, onuradunen eskubide eta betebeharrak emakida bakoitzean ezarritakoak izango dira.
  • d) Foru Aldundiak uste badu, indarraldia amaitu bitartean eskubide horiek mantentzeak ondasun horien geroko erabilera kaltetu dezakeela edo, horiek inorenganatuz gero, modu agerian gal dezaketela balioa, eskubide horiek desjabetzea erabaki lezake.
  • e) Gertatzen bada Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabari pribatuan sarturik dauden ondasunak inorenganatzea erabakitzen dela eta horien gainean badaudela indarrean eskubide batzuk, titular jakin batzuei dagozkienak jabari publikoan zeudenean egindako emakida baten ondorioz, titular horiek tanteo-eskubidea izango dute.

2. Emakidadunaren betebeharrak dira:

  • a) Ezarritako kanona ordaintzea, ordainketa Foru Aldundiaren Diruzaintzan eginez beti.
  • b) Emakidan jaso duen ondasuna modu artatsuan zaindu eta hirugarrenei ez lagatzea.
  • c) Ondasunak, jaso ziren egoeran behintzat itzultzea bere unean administrazio emaleari, erabilera artatsuagatik izandako kalteak izan ezik.
  • d) Lege berezietan, hauek garatzen dituzten xedapenetan eta emakidaren klausuletan ezartzen diren gainerako betebeharrak betetzea.

64. artikulua. Erabilera dohainik lagatzea.

1. Diputatuen Kontseiluak, Ogasun eta Finantza Departamentuaren proposamenez, eta onura publikoa justifikatuko duen espedientea jaso eta gero, ondasun demanialak sektore publikoaren edozein entitateri dohainik lagatzea baimen dezake, gehienezko epea berrogeita hamar urtekoa izanik.

2. Erabileraren lagapena bukatutzat emango da onuradunak ezarriak dituen baldintzak betetzen ez dituenean edo epea amaitzen denean.

3. Aurreko bi ataletan esandakoaren arabera egiten diren ondasun higiezinen lagapenak Batzar Nagusiei jakinaraziko zaizkie.

4. Lagapena luzatzea Batzar Nagusiek baimendu beharko dute.

65. artikulua. Jabari publikoko ondasunen erabilera- lagapenak onartzea.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiaren alde egiten diren jabari publikoko ondasunen erabilera-lagapenak onartzea Diputatuen Kontseiluari dagokio, Ogasun eta Finantza Departamentuak eta dagokion departamentuak batera proposatu eta gero.

2. Halaber, eta lagatutako ondasunei dagokienez, Diputatuen Kontseiluak, departamentu interesatuaren eta Ogasun eta Finantza Departamentuaren proposamenez, bere erabakia eman beharko du:

  • a) Higiezinetan inbertsioak baimentzeko, hobekuntza lanak barne, baldin eta horren zenbateko osoak ondasunari lagapenaren unean tasatutako balio perizialaren %25a gainditzen badu.
  • b) Lagapenaldiaren epearen bigarren zatian, eta edozein kasutan, azken bi urteetan, kontserbaziorako ez diren gastuak egiteko.

66. artikulua. Lagatzea edo errentan ematea enplegu edo kargua dela eta.

1. Enplegu edo kargua dela eta, Foru Aldundiaren langileei etxebizitzak errentan ematen edo lagatzen zaizkienean, errentamendu edo lagapen hori amaitutzat emango da, aurrez espedientea eginik, hurrengo supostu hauetakoren bat gertatu dela kreditatzen denean:

  • a) Enplegatua edo funtzionarioa bi urtez borondaztezko eszendentzia egoeran egotea, eta epe hori igaro eta lehen hilean lanera itzultzeko eskaera egin ez izatea.
  • b) Etxebizitza errentan emateko edo lagapena egiteko arrazoia desagertzea. Enplegatu edo funtzionarioa lanpostuz aldatzeagatik etxebizitzaren errentamendua edo lagapena jada beharrezkoa ez denean ulertuko da errentan emateko edo lagapena egiteko arrazoia desagertu dela.
  • c) Etxebizitza errentan jartzen edo lagatzen zuen titulu juridikoa iraungitzea.
  • d) Orohar, indarrean dagoen arauen arabera enplegu edo karguaren amaiera dakarten arrazoiak egotea.

2. Foru Aldundiak bere kabuz erabaki eta exekutatuko du, egintza administratiboei dagokienean dituen ahalmen exekutiboen iharduera eremuaren barruan, errentan jarri edo lagatutakoa utziaraztea eta, hala badagokio, errentaria edo lagapenduna kaleratzea.

3. Artikulu honetan aurrikusitako supostuetan, errentariak edo lagapendunak ez du inolako kalteordainik izango.

IV TITULUA
ERANTZUKIZUN ETA ZEHAPEN ERREGIMENA

67. artikulua. Erantzukizunak.

Foru Arau honetan aipatzen diren ondasun eta eskubideen ardura bere gain hartzen duten pertsona natural edo juridiko guztiak behartuta daude haiek zaindu, kontserbatu eta modu arrazional batez ustiatzera, kasuan kasu, bai eta, kalteak edo galerak ekarriz gero, Foru Aldundiaren aurrean erantzutera ere.

Noiztik aurrera: 2007/04/11 67 artikuluaren bigarren paragrafoa, Martxoaren 27ko 2/2007 Foru Arauak [GIPUZKOA] barneratutakoa, zeinaren bidez aldatzen baita 1996ko uztailaren 9ko 8/1996 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ondarearena («G.A.O.» apirilak 10).

68. artikulua. Zehapenak Lurralde Historikoaren ondasunetan kalteak sortzeagatik.

1. Asmo txarrez edo arduragabekeriaz Gipuzkoako Lurralde Historikoaren jabari publiko edo pribatuko ondasunetan kalteak eragiten dituenak edo edozein eratara usurpatzen dituenak, eragindako kalteen bi halako isuna ordaindu beharko du.

2. Aurreko atalean esandako pertsonak, zeinahi titulu dela medio, ondasun horien posesio, kudeaketa edo administrazioa bere gain badu, isun hori sortutako kalteen hiru halakoa izango da.

3. Lurralde Historikoko administrazioekin, bere foru erakunde autonomoekin, zuzenbide pribatuko foru ente publikoekin eta foru sozietate publikoekin harreman funtzionarial edo laboral bat, enplegu edo zerbitzu mailakoa daukatenek Foru Arau honetan aipaturiko ondasun edo eskubideen kudeaketa bere gain hartua dutenean, sortutako kalteen lau halakoa izango da supostu berdinetan jarriko zaien isuna.

4. Zehapen horiek jasotzeaz gainera, kaltea edo usurpazioa egin duenak kalteordainak eman beharko ditu edo ondasuna itzuli.

69. artikulua. Laguntzeko beharra ez betetzea.

Foru Arau honen 12. artikuluan ezartzen den laguntzeko beharra ez betetzeagatik, hamar mila eta berrehun eta berrogeita hamar mila pezeta bitarteko isuna ezarriko da bete ez duena funtzionario publiko bada, eta hamar eta ehun mila pezeta bitartekoa partikularra izanez gero.

70. artikulua. Zehapenak ezartzeko prozedura.

Kalteak zenbatekoak diren, zehapenak zeintzuk izango diren eta erantzukizunak nori exigitu behar zaizkion administrazio bidetik erabaki eta betearaziko da, bidezko espedientea egin eta interesatuari entzun eta gero.

71. artikulua. Espedientea jurisdikzio penalaren esku jartzea.

Aurreko artikuluetan aipatu diren egintzak delitu edo falta izan daitezkeenean, Ogasun eta Finantza Departamentuak organo eskudunari helaraziko dio espedientea jurisdikzio penalaren esku jar dezan, eta administrazio-espedienteen izapidaketa eta ebazpena geldiarazi egingo dira harik eta arazoa etetea erabaki edo epai irmoa ematen den arte.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Zergei buruzko urtarrilaren 31ko 1/85 Foru Arau Orokorrak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Zergabilketa Erregelamenduak eta gainerako araudi aplikagarriak aurrikusten dutenarekin bat etorriz, Foru Arau honen xedapenak ez dira aplikagarriak izango Foru Aldundiak zerga alorreko prozedurak garatzean bereganatzen dituen eskubideen kudeaketan.

Bigarrena

Foru Arau hau indarrean sartzen denetik urtebeteko epea jarriko da 26. eta 29. artikuluetan aurrikusitako inbentario orokorra onartzeko.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru Arau honetan xedatutakoa irekita dauden espediente guztiei aplikatuko zaie, eta behar diren izapide guztietarako erabiliko da indarrean sartzen denetik aurrera.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehena

Diputatuen Kontseiluari baimena ematen zaio Foru Arau hau betearazi eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena

Foru Arau honetan esandakoarekin bat ez datozen xedapen guztiak baliorik gabe geratzen dira.

Hirugarrena

Foru Arau hau Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.